XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IDAZLEAK Marx ez da, segurki, sozialismaren teoriku bakarra.

Haren ondotik izan dira Lenine, Staline (naziotasunaz), Bakunin, Gramsci, Trotsky, Mao eta beste zenbait.

Haren aitzinetik, Proudhon batek arrakasta ederra izan zuen, eta orain berriz badu, guztiz autogestioaren asmuarekin.

Baina, metodoen mailan, arras nahasia da idazle hori.

Eta metodorik gabe, ez dago ez egoeraren eta baldintzen behar bezala ikertzerik, ez indarren apailatzerik, ez azken finean iraultzaren egiterik.

Azterketako tresna hoberena Marx-ek utzi digu, Bereziki klasetasuna eta iraultzaren funtsa ez dezakegu hortarik kanpo behar bezala ikus.

Ezin baztertua zaigu Marx-ek utzitako tresna hori: beraz sozialismatik ezin bereizia.

Bide beraz, Marx-ek erakusten digu iraultzailea dela egiazko sozialisma oro.

Ez dezake kapitalismaren barrenean garaipenik erdiets.

Kapitalisma uzkaili behar da.

Haren eraberritzean eta erreberritzean muga litekernak ez luke sozialista izena merezi.

Hura sozial-demokrata da, erreformazalea da.

Errespetagarria, segur.

Baina ez da sozialista.

Marx-en ondotik, historiak ikustera ematen digu, kapitalismaren kudeatzera kondenaturik dagoela sozial-demokrazia.

Sozialistak baldin bagara egiazki, baitezpada eta derrigorrez iraultzaileak izan behar dugu. Zer gatik ote?.

Bere oinarrizko ikuspidean, sozialismaren helburuak honela finkatzen ditu Herriko Alderdi Sozialistak: - Ekarpenerako eta sal-erospenetarako tresnak Herriaren eskuetan izanen dira.

- Tresna horik, demokrazia legez kudeatuko ditu.

- Ekarpenak jendearen ongiari buruz antolatuko ditu, eta ez kapitalaren abantailetan.

Ez dira HAS-ek asmatuak jomuga horiek: klasikoak dira, sozialista guztienak baitira.

Burgesiarekin antolatzerik ez da horietan.

Kapitalari nagusigoa kendu nahi da, lanari emateko.

Hori da iraultzaren hastapena.

Gizarte azterketan eta ekintzan, sozialismaren bizkar hezurra zait Marx-en metodua, zientziak eta esperientziak erakusten ditan bezala.

Filosofia mailan, frogantza konkretuak eskas dira, bai Marx-en alde, bai Marx-en aurka.

Maila hartan bere askatasuna ireki dezake gutarik bakoitzak.

Bestalde, nehork ez du egia osoa berekin: biziak hori argitan ematen digu.

Marx-ek ez du guztia erran, hortan.

Beste batzuek beren partea ekar dezakete.

Zeren historiak bere bidea jarraitzen du.

Baina, bide horri so egiten ikasi behar dugu.

Hortan asko ekartzen digute sozialist idazleek eta gehien bat Marx-ek eta Leninek.

Hargatik marxisma-leninisma baino zabalagoa da, ene ustez sozialisma, eta beti kritikua.

Lenine-taz ez dut xehetasunik eman.

Iraultzarako jokabide bat ireki zuen.

Estrategia frango desberdinak asmatu dituzte beste batzuek.

Laborariak hobeki kondutan hartu ditu Mao-Tse-Tung batek, eta nekazaritza lehenik emendatzen du.

Behar bada, geroak erranen du bide hau dela, herri atzeratuentzat, onena...

Titok Estatua hastetik ahuldu nahi luke, autogestioari buruz abiatuz: gure herri aurreratuetan, ez da erantzunik ez eta arriskurik gabekoa xede hori...

Kuban gudari talde batetik sortu ziren iraultza eta langileen alderdia: horrekin ahaidetasun zerbait ez ote da Euskadin E.T.A.-rekin hasi den mugimenduak?.

Azaltzekoak dira erakaspen horik guztiak, beren mugekin.